Euskadi eta Nafarroako Psikiatriako espezialistek Euskadi eta Nafarroako Psikiatria Elkartearen XVI. Urteko Bilera egin zuten Bilbon, urriaren 5ean eta 6an. Topaketaren lema izan zen “Psikiatriaren etorkizunari begira”, eta, esparru horretan, Aita Menni Ospitaleko Lege Psikiatriako Unitateko arduradun Iñaki Madariaga doktoreak zigorrak betetzearekiko alternatibei buruz hitz egin zuen, gaixotasun mental baten ondorioz delitua egin duten pertsonei dagokienez. Elkarrizketa honek sinposioan egin dituen ekarpenetako batzuk jasotzen ditu.
– Zein dira “Psikiatriaren etorkizunari begira” aurkezten zaizkigun erronkak?
Biltzarraren izenburuan ikusten dudana da Psikiatriaren esparruan, profesional askok hauteman duten bezala, erantzunak eman behar zaizkiela gero eta ohikoago bihurtzen ari diren galdera askori, mundu gero eta konplexu eta azkarrago baten bilakaerari eta garapenari dagokienez. Horren adibide argia, hain zuzen ere, Lege Psikiatria da, gero eta beharrezkoagoa baita gizarte garatu batean, zeinean euskarri judizial-legal gero eta sendoagoa eta egituratuagoa behar den, Psikiatriari lotuta eta berarekin lankidetzan.
– Parte hartu zuen mahaiaren gaia zen “Psikiatrian azaleratzen ari diren arazoak”. ‘Zigorrak betetzeko alternatibez’ hitz egin daiteke?
Egiazki, pazienteak ‘segurtasun neurriak betetzea’ esan beharko genuke, izan ere, arlo judizialean esplizituki aitortzen da pazientea EZ dela egindako ekintzaren erantzulea, eta, ondorioz ‘errugabea’ dela. Hortik aurrera dagoena da segurtasun neurri bat betetzeko betebeharra, ez zigor bat betetzekoa, izan ere, azken hori erantzukizuna egoteari lotuta dago, eta gaixotasun psikiatrikoa duten pertsonengan onartzen da erantzukizun hori ez dela existitu, edo, edonola ere, ez dela maila esanguratsuan existitu.
Berez, Aita Menni Ospitaleko Lege Psikiatriako Unitatean dauden kasu guztietan, pazienteak segurtasun neurri bat betetzen ari dira. Ez dago zigorra betetzeko aukera, horretarako Espetxe Erakundeak daude.
– Zein lirateke alternatiba horiek eta nolako delitu edo pertsonentzat leudeke zuzenduta?
Hainbat alternatiba daude, baina garrantzitsuenak dira tratamendu anbulatorioa, epailearen aginduz, eta segurtasun neurriak betetzea.
Lehenengoak eztabaida ugari eragin du, bai alde sanitarioan bai sozialean. Pertsonalki, uste dut bide hori lehenbailehen bideratu beharko litzatekeela. Bitartean, azkenean sufritzen dutenak, asko sufritu ere, familiak dira, eta, jakina, pazienteak beraiek. Espainian ia Euskadin bakarrik aplikatzen da, eta bereziki Gipuzkoan. Arrazoia da hainbat epaile pertsonalki konprometitu direla bide horretan, eta legez dauden aukerak baliatzen dituztela, epailearen aginduz tratamendu anbulatorioa aplikatu ahal izateko. Baina, finean, epaileen irizpide pertsonalaren eta gaiari buruz duten konpromiso pertsonalaren menpe geratzen da.
Bigarren alternatiba Lege Psikiatriako Unitateak dira. Aita Menni Ospitaleko Lege Psikiatriako Unitatea eredu horretan sartzen da, eta, Europako beste herrialde batzuetan ere existitzen den arren (Frantzia, Suitza, Erresuma Batua, Alemania…), aurrerapen handia ekarri du gaixo psikiatrikoen arretari dagokionez, eta espero dugu estatuko beste erkidego batzuetara ere zabaltzea.
Epaileak agindutako tratamendu anbulatorioa ospitaleko erregimeneko arreta psikiatrikoa behar ez duten pazienteengana zuzenduta dago. Alegia, erregimen anbulatorioko edo eguneko ospitaleko arreta nahikoa da beraien behar terapeutikoetarako. Hori bai, dagokion erakunde judizialaren etengabeko zaintza eta ikuskapenarekin.
Beste aldean, ospitaleratze psikiatrikoa eguneko 24 orduetan ikuskaritza etengabea behar duten pazienteengana zuzenduta dago, hau da, zaintza egokia izateko ospitaleko erregimena behar dute.
– Nork ebazten du noiz eta norengan aplika daitekeen?
Beti epaileak ebazten du, eta ‘a priori’ ondorio penalak dituen delitu bat egin duten gaixo mental larriei aplikatzen zaie. Dagokion epaiketaren ondoren, ebatzi da gaixotasunaren ondorioz ez direla ekintza horien erantzule, eta, beraz, ez dela zigor bat bete beharra justifikatzen, baina bai segurtasun neurri bat betetzea, ahal dela ospitaleko ingurunean.
– Zer rol jokatuko luke Aita Menni Ahizpa Ospitalariak bezalako erakunde batek alternatiba horiek betetzearen inguruan?
Ahizpa Ospitalariak bezalako erakunde batek rol erabakigarria joka dezake hain arazo espezifiko eta konplexuei erantzuteko garaian. Hasteko, beti pentsatu izan dut arlo sanitarioan gure erakundeak dituen ezaugarriak bikainak direla, eta garatzeko aukera handiak dituztela. Zehazki, funtzio publikoaren eta pertsona babesgabeen laguntzaren irizpideekin dabilen erakunde bat delako; irabazi asmorik gabe, baina aldi berean kudeaketa pribatuko eredu batekin. Erakunde gutxik dute konbinazio hori garatzeko aukera.
Gainera, gure arreta lantzen ari garen arazora zuzentzen badugu, erakunde gutxik egin dezakete ‘zubi’ lan garrantzitsua eta, aldi berean, hain operatiboa, gaixotasun psikiatrikoa duten pertsonen arretari dagokionez. Hau da, katalizatzaileak izateko aukera edukitzea, ‘arlo judiziala’ (Justizia Administrazioa) eta ‘arlo sanitarioa’ (erkidego autonomoetako Administrazio Sanitarioa) integratzea eta, aldi berean, horrelako zerbitzu psikiatrikoetan inbertitzeko eta kudeatzeko ahalmena edukitzea. Hori guztia esklusiboa da, erakunde gutxik dute pribilegio hori. Gainera, uste dut oso ondo konektatzen dela ‘Misio Ospitalariaren kontzeptuarekin’. Eta Ahizpa Ospitalariek maila nazionalean hain ezarpen handia izateak are gehiago justifikatzen du iritzi hori.
– Eta aukera horiek askatasuna galdu gabeko formulak kontenplatzen badituzte?
Deigarria lirudikeen arren, horrek guztiak ez du inolako zerikusirik askatasunarekin. Paziente horiekin jarduten dugunean, oraindik ere kosta egiten zaigu ez garela haien askatasuna murrizten ari, baizik eta laguntzen eta babesten, hain zuzen ere.
Alegia, gaixo mental larriez hitz egiten ari gara, zeinek ez duten euren burua egoki kudeatzeko ahalmenik, eta, ondorioz, eta besteak beste, euren borondatea eta askatasuna kudeatzeko ahalmenik. Aurkezpenak, hitzaldiak, etab. egiten ditudanean, ez dut aukera galtzen osasun mentaleko sanitarioei esateko asko kostatu zaigula “dimentsio judiziala” onartzea paziente psikiatrikoen arreta integralaren arloan, uste zelako “askatasunaren aurkako” ekintzak egitea zekarrela, “eta beti izaera zigortzaile-fiskalizatzailearekin”.
Akats larria kontzeptuan! Eta errealitatetik ezin urrunago. Zuzenbide Estatu bateko erakunde judizialek, besteak beste, pertsonak zaintzeko eta babesteko funtzionatzen dute, kasu honetan pertsona ahulak, gaixo mental larriak, euren eskubideak urratzeko arriskuan daudenak. Kontua inola ere ez da askatasuna kentzea edo zigortzea.
– Psikiatra zaren heinean, eta gaixotasun mentalagatik delitua egin duten pertsonekiko tratuan duzun esperientziagatik, uste duzu hainbat egoeratan horrelako neurriak aplikatzea dela egokiena?
Horrela da. ‘Barneratzea’ kostatzen zaigun arren, ‘kondenaren’ kontzeptua EZ da lantzen ari garen gai honetan existitzen. Bai dagoena, eta horrela izan behar da, laguntzaren kontzeptua da, gaixotasun mentala duen pertsona zaintzearena, arreta psikiatrikoa ingurune egoki batean ematearena, esaterako, ospitale batean eta ez espetxean, eta eskubideak babestearena, bere burua kudeatzeko egoeran ez dagoen pertsona bat delako, eta, ondorioz, ezin dituelako kudeatu bere askatasuna, borondatea, etab.
– Zein erakunde edo instituzio arduratzen dira oro har horrelako formula alternatiboak administratzeaz?
Zoritxarrez, gutxi dira, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, horietan horrelako garapen asistentzialak askoz aurreratuago baitaude. Bide luzea dugu oraindik ibiltzeko!
– Beraz, Aita Menni da erakunde gutxi horietako bat?
Horrela da. Aita Menni Ospitalea, 2013. urteko abenduaz geroztik, aitzindaria da orain arte, eta bere lanaren arrakasta mailak eta kanpoko aitortza nabarmenak dira.
– Dena oso argi geratu da, zerbait utzi dugu esan gabe?
Amaitzeko, burutik sarritan pasatzen zaidan gogoeta bat aipatu besterik ez dut nahi, Aita Menni Ospitaletik harantzago doana, eta Ahizpa Ospitalarien beste Ospitale batzuetara zabaldu daitekeena. Uste dut seguruenik ‘tren bat ari dela gure aurretik pasatzen’, eta, hartuko bagenu, akaso akuilagarri bikaina izango litzateke gure zentroetako batzuetarako, eta, aldi berean, lan sozial eta sanitario handia egiten jarraitzeko. Hori guztia, halaber, gure herrialdeko instantzia judizialekiko lankidetza sendoan, izan ere, ez dezagun zalantzarik izan, horrelako alternatibak eta proiektu asistentzialak martxan jartzeko irrikan daude, gaixo mentalaren arretari erantzun egokia emateko.