‘Egoera zailetan lagun egiteko prozedurak eta trebetasunak’ lantzeko tailerra
Aita Menni Ospitaleko Psikologia Klinikoko psikologo espezialista Alfonso Saez de Ibarra Olasoloktailer bat eman zuen, joan den ostiralean, hilak 28, Castelloko CEU Cardenal Herrera Unibertsitateko Erizaintza eta Medikuntza graduetako ikasleei zuzenduta. Tailerraren izenburua da “Egoera zailetan lagun egiteko prozedurak eta trebetasunak”.
Larrialdi eta katastrofeetan jardutea
Osasun mentalaren arreta integralaren parte gisa, orain dela bi hamarkadatik hona, Aita Menni Ospitaleak larrialdi eta katastrofeetan jarduten duten hainbat erakunderekin lankidetzan dihardu, horien artean egonik Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Euskadiko Gurutze Gorria. Interbentzioa “in situ” emandako laguntzan zein profesionalen lantaldearen prebentzio eta tratamenduan gauzatzen da, euren lanaren izaeragatik trauma ondoko estres arazo bat izan dezaketen heinean.
Ibilbide luze horri gehitu behar zaio Deustuko Unibertsitateko graduondoko hainbat prestakuntza programatan lankidetzan aritzea (Esku Hartze Sozialeko Psikologiako Masterra eta Psikologia Orokor Sanitarioko Masterra), zeinetan psikologoak prestatzen diren tresnak izan ditzaten potentzialki traumatikoak izan daitezkeen krisi egoerei aurre egiteko eta lagun egiteko.
Psikologiako Departamentuko Kanpo Kontsulten Zerbitzua osatzen duten profesionalen taldean, Alfonso Saez de Ibarrak krisi, larrialdi eta katastrofe egoeretan duen esperientzia nabarmentzen da.
Larrialdietako langile sanitarioak ere kolektibo zaurgarria dira desgaste emozionalari dagokionez, sufrimendua eta heriotza presente dauden gertaerekiko esposizioa jasaten dutelako maiz. Era berean, esku hartze sanitarioaren beste arlo batzuek ere, esaterako zainketa paliatiboak ematen dituzten ospitale unitateek, desgaste emozionala eragin dezakete, lanaren testuinguruaren konplexutasunagatik eta, oro har, terminalak izaten diren prozesuetan ageri ohi den intentsitate emozionalagatik.
Prozesu horretan une kritikoak agertu daitezke, inplikaturiko emozioen intentsitateagatik, eta oso garrantzitsua da horiek egoki bideratzea, adibidez, diagnostiko baten larritasuna edo heriotza bat jakinarazi behar denean, edo bizitzaren amaierako unean lagun egin behar denean.
Egoera horiei aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da eragile nagusiengan parte hartzen duten alderdi emozionalak ezagutzea eta kudeatzen jakitea (pertsona gaixoak, senideak eta horien arretan eta zainketan inplikaturiko langile soziosanitarioak berak). Sarri askotan, arreta eta zainketa gaixotasunaren lehen protagonistarengana zuzentzen dira, eta bigarrenik hurbileko ingurunera (senideak), ingurune hori babeserako oinarrizko baliabidea izatera deituta egonik. Baina, askotan, lan egiten duten profesionalengan gertatzen den inpaktuari ez zaio jaramonik egiten, beraien “profesionaltasunak” edozein eraginetatik libratzen dituela automatikoki jota.
Tailerraren arretagunea izan zen egoera horiek profesional sanitarioen ikuspegitik lantzea: profesionalok ezagutza eta prestakuntza teknikoa dute, baina ere berean interakzioan jardun behar dute beste pertsona batzuekin (pazienteak edo senideak), eta beraiengan ere emozioak pizten dira.
Emozioak egoera zailetan
Trebetasun profesionalak funtsezko zutabea dira gaixoaren tratamendu eta zainketarako, baina arretan inplikatzen diren emozioak testuinguruari eragin eta aldatzeko ahalmena dute. Emozio biziegiek edo eskas kanalizatutakoek profesional sanitarioaren ahalmen bolitibo, kognitibo eta exekutiboetan eragin dezakete, eta, ondorioz, emaitzari ere eragin.
Beraz, tailerrak bereziki lortu nahi zituen:
– maila emozionalean, egoera zailetan zer gertatzen den ezagutzea, eragile moduan inplikaturiko pertsona bakoitzari dagokionez
– gure interakzioa nola eta nondik egiten dugun, arreta berezia jarriz tratatu eta zaintzen duten profesionalen perspektibari
Horretarako, beharrezkoa da profesional bakoitzak hartzen duen jarrerari buruzko kontzientzia hartzea sufrimenduari eta heriotzari lotutako egoeretan, elementu horiek antzina-antzinatik gizaterian beldurra eta ziurgabetasuna eragin dutelarik, eta beharrezkoa izanik horien aurrean erantzun bat edukitzea, beraiekin bizi eta lan egin ahal izateko.
Norberaren eta besteen erreakzioak kudeatzeko jarraibideak
Testuinguru zail horietan, garrantzitsua da tresna komunikatiboak eta emozionalak kudeatzea, gaixoaren, senideen eta bizitzaren une kritiko horretan beraien ondoan dauden eta lagun egiten duten langileen beharrei erantzun ahal izateko.
Tailerrean zehar hainbat alderdi lantzen dira, hala nola albiste txar bat jakinarazteko modua, eskakizun emozionalen aurrean erantzuten jakitea edo pazienteek formulatu ditzaketen galderei erantzutea. Halaber, tresna propioak ere lantzen dira, esaterako, une kritiko horietan isiltasuna eta kontaktu fisikoa kudeatzen jakitea.
Azkenik, egoera zail horiei aurre egin eta geroko zainketa pertsonalaren garrantzia aipatzen da, ezinbestean norberarekin kontaktuan jartzeko eskatzen baitu (kontaktu kognitiboa eta emozionala), hain zuzen ere kontrakoa bultzatzen duen testuinguru kultural eta sozial batean, non “kosta ahala kosta” sufrimendu emozionaletik ihes egitea aldarrikatzen den, “ekintzan” eta entretenimenduan babesa bilatuz (beti zerbait egiten egotea eta beste gauza batean pentsatzea).
Gaixoaren eta osasunaren profesionalaren arteko harreman batean, trebetasun teknikoak gutxieneko trebetasun emozional osagarririk gabe erabiltzen badira, osasun arreta deshumanizatu egingo da –profesional sanitarioaren min emozionalaren aurreko defentsa mekanismo gisa–, eta profesionalaren sufrimendua ere deshumanizatuko da, eta arazoak izan ditzake bizitako gertaerak epe luzera bere esperientzia bitalaren barruan integratzeko. Eta esperientzia bitala ez da soilik prozesu intelektual-arrazional moduan ulertu behar, baizik eta baita ere prozesu emozional moduan, pertsona bakoitzaren bizitza gidatzen eta benetako zentzua ematen dioten balioetan integratuta.
Egunkariko berriaren esteka