Iragana ezagutzen duena etorkizunari hobeto aurre egiteko gai dela esan ohi da. Garai arraro eta ziurgabe batean bizitzea tokatu zaigula uste badugu, San Benito Menniren bizitzara jo besterik ez dugu egin behar haren obraren garrantziaz jabetzeko, benetan asaldatutako garai batean eraiki baitzen.
Gure zuzendari mediko Manuel Martin Carrasco doktorearen eskutik –Psikiatriako Espainiako Elkarteko presidenteordea ere bada–, Aita Menni Ospitalearen sortzaile eta Aizpa Ospitalarioen kofundatzailearen bizitza errepasatu genuen, gaixotasun mentala duten pertsonen arreta integralari egin zion ekarpena azpimarratuz. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Aita Menni aitzindaria izan zen arreta psikiatrikoan, Espainiako gaixotasun mentala artatzeko zentroen lehen sarea sortu baitzuen. Halaber, pertsonan oinarritutako arretaren sustatzailetzat jotzen da.
Hitzaldia areto nagusian egin zen, San Benito Menniri eskainitako hospitalitatearen astean. Ahizpa Matilde Porras Gonzalez kongregazioko probintziako ama nagusiaren eta Alberto Martin de la Mata Probintziako gerentearen zorion mezua ikusiz hasi zen ekitaldia –bideoan ikusi daiteke–.
Nortasuna eta misioa
Angelo Hercules Menni Milanen jaio zen (Italia), 1841ean, eta Dinanen hil zen (Frantzia), 1914ko apirilaren 24an. Horregatik ospatzen dugu aste honetan haren aldeko eguna. Klase ertaineko familia kristau batean hazia, banku batean zuen lana utzi ondoren, Italiako independentziaren bigarren gerran boluntario lagundu zuen zaurituak artatuz. 1860an San Joan Jainkoarenaren Ordena Hospitalarioan (OHSJD) sartu zen eta izena aldatu zuen, Benito jartzeko. San Joan Jainkoarenaren ordenaren barruan erizain gisa trebatu zen eta 1866an apaiz ordenatu zuten. Urtebete geroago, Pio IX.a aita santuak, Espainian desagertuta zegoen San Joan Jainkoarenaren Ordena berrezartzeko eskatu zion. Berrezartzeaz gain, ordena erreformatu zuen, hospitalitatearen proiektu integralera itzultzeko, karitatearen bidetik.
Aitzindaria arreta psikiatrikoan
Ezin da San Benito Menniren irudiaz hitz egin bizitzea egokitu zitzaion garai konplexuari erreferentzia egin gabe. Indarkeriazko urteak, gerrak, etengabeko matxinadak eta krisi ekonomiko orokorra, non eskubide sozialen defentsarako mugimenduak bor-bor zebiltzan. Garaia haietan erlijioaren aurkako korronteak loratzen ziren, sistema politikoak elizarekin egin zituen aliantza handien aurka, elizaren hierarkia estamentu pribilegiatuenetako bat zelarik.
Psikiatria, espezialitate mediko gisa –¬hasieran alienismo esaten zitzaion–, eta asilo terapeutikoaren bidezko tratamendua berriak ziren. Eromena artatzeko osasun etxeak, Pinel eta Esquirol mediku frantsesek XIX. mendearen hasieran defendatutakoak, aurrerapen handia izan ziren garai hartan.
Garai historiko kritiko horretan, desamortizazio neurriek erlijio konpainien hospizioak eta zentroak itxi zituzten, eta orduan jarri zituen martxan gure fundatzaileak arreta psikiatrikoko 14 zentro eta haurrei arreta emateko 15 babes etxe. Lehenengoa, “batez ere haurrak babesteko eta ahien gaitzak sendatzeko” sortu zena, Asilo Hospital de Sant Joan de Deu izan zen, Bartzelonan sortua 1867. urtean. Arrazoi horregatik aitortzen da pediatriaren historian ere Benito Menniren eta Ahizpa Ospitalarioen lan aitzindaria.
Aita Menni eta San Boi (San Baudilio) bezalako zentroen jabetza babesteko, aita Mennik merkataritza sozietateak eratu zituen.
Premiei erantzutea
Testuinguru horretan aldaketa politikoak gertatu ziren –gogorarazi zigun Martin Carrascok–, eta, besteak beste, gabezia asko izan arren, osasun arreta, ordura arte bakoitzaren kontua zena, osasun publikoko kontua izatera igaro zen, gaixotasun mentala barne. Madrilgo Diputazio Probintzialak emakumeentzako arreta mediko-psikiatrikoa ere eskatu zuen. San Joan Jainkoarenaren anaiek, euren botoengatik, gizonezkoak baino ezin zituztenez artatu, eta osasun etxerik zeukan emakumezkoen ordenarik ez zegoenez, 1881eko maiatzaren 31n, Aita Mennik, Maria Josefa Reciorekin eta Maria Angustias Gimenezekin batera, Jesusen Bihotzaren Ahizpa Ospitalarioen Kongregazioa sortu zuen, Ciempozuelosen.
Euskadiko lehen erietxe psikiatrikoa
1897ko udan, Arrasateko Santa Ageda bainuetxean Canovas del Castillo presidentearen hilketa gertaera garrantzitsua izan zen. Hurrengo urtean, aita Benito Mennik bainuetxe hori erosi zuen, eta, Ahizpa Ospitalarioetako ahizpa eta San Joan Jainkoarenaren anaia erlijioso batzuekin batera, establezimendua Euskadiko lehen erietxe psikiatriko bihurtu zuen. Orduan, Zaragozako eta Valladolideko psikiatrikoetan zeuden paziente mentalak hartzen hasi zen. Aita Menniren “karitatea eta zientzia” gorenak agerian uzten du ahalegin handia egiten zela gaixoaren duintasuna azpimarratzeko, emakumeei laguntza berdina emateko eta kalitatezko laguntza izateko, eta, horretarako, kualifikazio handieneko profesionalak kontratatzen ziren.
Horrela sortu zen Aita Menni Ospitalea, eroetxe moral (psikologiko) baten moduan. Garaiko hizkuntzan, tratamenduan, inguruko elementu kaltegarriak aldatzea planteatzen zen, hala nola pobrezia, eta tratu humanitarioa ematea. Benito Mennik Eskoriatzan sortutako zentro aitzindariaren araudiak debekatu egiten zuen gaixoen aurkako “berberazioa” (jotzea eta tratu txarrak ematea).
Errealitatea aldatzea
Zalantzarik gabe, garai zailak izan ziren. Eta, momentua bera ez bada ere, antzekotasunak aurkitzen ditugu gaur egungo egoerarekin. Horietako bat da Espainian lau kolera epidemia handiren existentzia (1833, 1853, 1865 eta 1885). Ahizpa Ospitalarioek ehunka pertsona artatu zituzten beren zentroetan, “karitatea eta zientzia” uztartuz, sendatuz eta zainduz.
Osasun laguntzari dagokionez, gaur egungo eredu klinikoaren barruan, berrikuntza berriro jotzen ari da pertsonan oinarritutako arreta integralerantz. Ebidentzian oinarritutako medikuntza eta pertsonan oinarritutako arreta ez dira kontraesankorrak, Robin Murray bezalako psikiatrek aldarrikatzen dutenez.
Gaixo dagoen pertsona azpimarratzen da, eskubide eta aukera berberak merezi dituena, horren helburua izanik errehabilitazioa eta funtzionaltasuna berreskuratzea, alta medikoa ematea baino gehiago. Gaur inplementatzen saiatzen ari garen eredu biopsikosozialak berriro ekartzen ditu alderdi espiritualak, nortasunekoak, eta baita erlijiosoak ere. Ikerketa enpirikoek nabarmentzen dute bizitza espirituala ongizatearen iturri eta faktore babeslea dela gizakiaren bizitzako arlo guztietan.
San Benito Menniren bizitzatik eta obratik atera ditzakegun ondorioen artean, Martin Carrasco doktoreak errealitatea aldatu egin daitekeela azpimarratu zuen. Horretarako, lidergoa behar da, baikortasuna, sormena. “Ekarpen bat egin dezakegula sinetsita egotea, eta horren alde borrokatzea. Gure gaitasunetan sinestea, eta ez desanimatzea halabeharrezko porrotengatik. Irtenbide berriak bilatzea, edo zaharrak berrasmatzea. Bidea egin duenarengandik ikastea, baina horrekin bakarrik ez geratzea. Eta beti gogoratzea paziente, senide eta pertsona guztien garrantzia”.