ATECE Gipuzkoarekin ospatu genuen 2023 Kalte Zerebralaren Eguna Donostian
Urtero bezala, urriaren 26an Aita Menni Ahizpa Ospitalarioek Kalte Zerebralaren Eguna ospatu zuten, kaltetuei eta haien familiei lagunduz eta babesa erakutsiz. Euria egin arren, Zuatzuko Aita Menniko Kalte Zerebralaren Eguneko Zentroko erabiltzaileak ATECE Gipuzkoak Donostian duen informazio mahaira joan ziren. Bertan, eskuorriak banatu eta kalte zerebralaren inguruko errealitatea azaldu zuten, gizartea kontzientziatzeko. Aurten, Kalte Zerebralaren Espainiako Federazioak (FEDACE) markatutako ildotik, ikusezina dena ikusarazteko beharra nabarmendu zen, hau da, hartutako kalte zerebralak (HKZ) ondorio asko izan ditzakeela eta denak ez direla agerian geratzen lehen begiratuan. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza Gipuzkoa plazara hurbildu zen gu babestera, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu.
Gure beste zentro batek, alegia, Arrasateko Kalte Zerebralaren Eguneko Zentroak, kokaleku berria estreinatu zuen duela hilabete batzuk Musakola auzoan, eta boccia txapelketa bat antolatu zuen bertan, HKZrekin bizi direnen errealitatea eta kirol egokitua ezagutarazteko.
Kontzertua eta manifestuaren irakurketa
Arratsaldean, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetako zuzendari Mikel Tellaecherekin, Jose Luis Giron asistentzia zuzendariarekin eta Kalte Zerebralaren Arloko koordinatzaile Olatz Uriarterekin batera, San Bizente elizan elkartu ginen kontzertu koral baten inguruan. Ahots mistoen Eresmin abesbatzak emanaldi bikaina eskaini zigun. Egitarauan Mozart, Gounod, Saint Saëns, Aita Donostia, Riezu, Busto eta Lesbordes-en lanak izan ziren. Gauean, ATECE Gipuzkoako presidente Jose Manuel Amadorrek Kalte Zerebralaren Eguneko aurtengo manifestua irakurri zuen.
Musika taldea —gaur egun Jaime Tejadasek zuzendua— Nekane Lasarte sopranoak sortu zuen 1995ean. Bere ibilbide luzean hainbat kontzertu eta jaialditan abestu du, besteak beste, 2020an Burgosko katedralean eskainitako kontzertuan.
Gaur egun, badaude Eresmin abesbatza ezaugarritzen duten bi alderdi garrantzitsu: batetik, alderdi soziala, kontzertu solidarioen bidez garatzen dena eta Zaporeak GKEaren bidez errefuxiatuen kanpamenduei laguntzeko dirua biltzea helburu duena; eta, bestetik, alderdi kulturala, beste herri eta kultura batzuetara irekia, non kantua eta musika jendearen arteko adiskidetasunaren eta elkartasunaren enbaxadore diren. Abesbatzak Periko Alkain organistaren laguntza izateko zortea du. Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita ere, emandako laguntzagatik eta eskaini ziguten emanaldi bikainagatik.
Hartutako kalte zerebrala Euskal Autonomia Erkidegoan
Euskal Autonomia Erkidegoan, 20.000 pertsona inguruk jasan dute hartutako kalte zerebrala. Hartutako kalte zerebralaren modurik ohikoena iktusa eta traumatismo kraneoentzefalikoa (TKE) dira. Horien kausa nagusia, era berean, trafiko istripuak dira, baina baita lan eta kirol istripuak ere. Kalte zerebral baten ondorioak asko eta askotarikoak dira, eta, larritasunaren eta eragindako zonaldearen arabera, mugikortasun nahasmenduak eragiten dituzte, komunikatzeko arazoak, defizit kognitiboak eta emozioen eta portaeraren alterazioak. Sekuelen konbinazio horrek eguneroko bizitzako oinarrizko jardueraren bat egitea eragozten du kasuen %60an, eta desgaitasun larria dakar kasuen %45ean.