Aintzindari istorikoak
XIX. mendearen bukaerako sorospen psikiatrikoa
1885ko Errege Dekretua garai hartako gizarteak gaixo mentalarekiko duen irudiaren islada da. Izaki arraro eta beldugarri bat bezala ikusten da, deabrua barruan daramana eta beraz, gizarte osoa berarengandik babesteko, giltzapean sartu beharra dago. Garai hartan, ero etxe batetan sartzeak, gizarteak gizaki bati ero izaera aitortzea adierazten zuen. Horregatik, arrazoirik gabeko sarrerak gerta ez zitezen, eragozpen legalak ugariak ziren, bainan behin ero etxean sartu eta gero, berriz ateratzeko ia itxaropenik ez zegoen.
Hirugarren karlistada
Benito Menni Figini (Milan 1841- Dinan 1914), San Joan Jainkoarenaren anaia, Espainiara bidali zuten, San Joan Jainkoarenaren Ordena berrezartzeko. 1867an iritsi zen Bartzelonara eta, haur asko nola egoera eskasean bizi ziren ikusita (gaixo eta abandonaturik), haiek hartzeko etxe bat fundatu zuen.
San Benito Menniren lehen etxea izango zen.Benito Menni karlistadaren eraginez etorri zen lehenengo aldiz Euskal Herrira. San Juan de Diosen beste bost anaiekin batera, alderdi karlistaren (1872-1876) osasun zerbitzuetan sartu zen, Gurutze Gorri neutralaren erizain bezala. Bere lana fronteko eta lehen laguntzetako ospitaleetako ohatilari bezala betetzen zuten.
Eskoriatzako ospitalea
1872 eta 1876 urteen artean Hirugarren Karlistada lehertu zen. Guda hartako batailarik odoltsuenak Euskadi eta Nafarroako lurraldeetan gertatu ziren. Benito Mennik, hainbat anaiarekin batera, ez zuen zalantzarik izan bere burua eskaintzeko gerrako bi bandoetako zaurituei osasun laguntza eramateko. Horrenbestez, 1873an, Gurutze Gorri sortu berrian boluntario sartzeko eskatu zuen. Gurutze Gorriaren balioak bere eginik, Benito Menni anbulantzia eta odol ospitaleetan laguntza emanez egon zen presente. Nabarmentzekoak dira Portugalete, Abartzuza, Lakar, Irunberri-Lumbier eta Iruñea-Pamplona aldeko borrokak. Guda zelai horietan, Benito Mennik eta enparauek andazain lanak egiten zituzten, zirujauei laguntzen, eta zaurituak ospitaleetara eramaten zituzten. Ospitale horiek Santurtzi, Iratxe, Otxandio eta Gesalibarren zeuden. Gesalibarrekoa, artean oraindik ere bainuetxea izanik, gerran zehar odol ospitale moduan erabili zen.
Orduan ezagutu zuen Benito Mennik Debagoiena, batez ere Arrasate eta Eskoriatza. Gerra amaituta, gure haranean urte haietan gehien sufritzen zutenak hartzeko establezimendu bat bilatu zuen: gaixotasun mentala zuten pertsonak, askotan azken egunak espetxean ematen zituztenak, guztiz bakartuta eta inolako laguntzarik jaso gabe. Haien ondoan beste bi atal egongo ziren, gerrako zaurituentzat eta gerraren ondorioz bakarrik geratu ziren haurrentzat. Eskoriatzan irekitzea erabaki zuen, Arrosario Santuaren Ospitalea izandakoan, gaur egun Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Zientzien Fakultatea dagoen lekuan. Benito Menniren lehen zentro psikiatrikoa izango zen, eta 1875eko azaroaren 28an inauguratu zen.
Hartuta zuten lehen pazientea Eskoriatzako bizilagun Anselmo Alay jauna izan zen. Arrazoi politikoak tarteko, ospitaleak 1876ko maiatzaren 30ean itxi zituen ateak, baina hura izan zen Benito Mennik gaixotasun mentala zuten pertsonen alde egindako lehen urratsa. 1881ean, gaixotasun mentala zuten emakumeen egoeraz ohartuta, Ahizpa Ospitalarioen kongregazioa fundatu zuen, emakume haiek hartzeko. Benito Mennik ez zuen bailara ahaztu, eta 1898an itzuli zen, Gesalibarreko gaur egungo ospitaleak sortzeko, gaixotasun mentala zuten gizon-emakumeei laguntza emateko; horretarako, Gesalibarreko bainuetxe zaharra erosi zuen, gobernuko presidente Canovas del Castillo erail eta gero gainbehera baitzegoen. Lehenago Gesalibarreko odol ospitale eta bainuetxe izandako hura dira gaur egun San Joan Jainkoarenaren Anaien eta Ahizpa Ospitalarioen ospitaleak.
Karlistadak iraun zuen bitartean, gaixo mentalak zailtasun handiak izaten zituzten Valladolid edo Zaragozako ero etxeetara iristeko eta ondorioz, kasu askotan gartzelatan sartzen zituzten. Egoera honen aurrean, Benito Mennirengan Eskoriatzan ospitale bat sortzeko gogoa sortu zen:
“… eta behar larrienei aurre egiteko, gure kabuz ospitale etxe bat zabaltzea pentsatu dugu, hiru sail antolatuz:
1. Bat eroentzat, gaur egun zenbait herrietako gartzelatan detenituak daudenentzat eta sendatzeko aukerarik ez dutenentzat leku egoki bat ez dutelako.
2. Gudari elbarrientzat.
3. Gudatearen ondorioz edo beste arrazoiak direla medio, babesik gabe gelditu diren mutikoentzat, edo bere garapen intelektuala, morala eta fisikoa lortzeko behar dutena gurasoek eman ezin dietenentzat…”
Benito Mennik harrera on bat aurkitu zuen bere proiektuarentzat Gipuzkoa eta Arabako Diputazioetan, gaixoen egonaldiak kontzertatu zituztelarik eguneko pezeta bat ordainduz.
Eskoriatzako ospitalea 1875ko azaroaren 23an zabaldu zen. Bost hilabete beranduago, 1876ko martxoaren 13an, gudaren amaiera etorri zen eta erakunde publikoetako indar politikoetan izandako aldaketen ondorioz, urte horretan bertan itxi behar izan zen.
Santa Agedako bainu etxea
Santa Agedako bainu etxeak 1890. urtean argitaratutako liburuxka baten arabera, leku honetako ur sendagarriak eragin osasungarriak zituzten arnasketa aparatuan, zirkulazio aparatuan, liseriketa aparatuan, etab. Era berean, nerbio sistema zentralean eragin lasaigarriak sortzen zituen hasera batean, ondoren nerbio basomotoreengan ekintza eszitagarriak erakutsiz eta azkenik, nerbio eta odol sistematan aldaketak eraginez. Ur hauen ahalmenak erabili nahi zituen edonori zerbitzu egoki bat eskeintzeko asmoarekin, bainu etxeak maila handiko ostalaritza ekipamenduak zeuzkan, gizartearen maila altuenetako herritarren artean ospe handia lortzen lagundu ziotenak, alegia.
Hirugarren karlistadak iraun zuen bitartean, bainu etxeak odol ospitale funtzioa bete zuen, 1875eko neguan Dorregarairen kanpaina bitartean Gomilazko ospitalera eraman ziren zaurituak bertara erretiratu zirelarik. Modu honetan bisitatu zuen lehenengo aldiz Benito Mennik Santa Ageda.
Cánovas del Castilloren hilketa
Udako atsedenaldia Santa Agedako bainu etxean igaro ohi zuten bezero aberatsen artean, orduko Gobernuko Presidente zen Cánovas del Castillo aurkitzen zen. 1897ko abuztuaren 8an, bazkaltzera joateko bere emaztearen zain zegoen bitartean, Angiolillo anarkista italiarrak tiroz erahil zuen. Gertakari honen ondorioz, urteroko atsedenaldirako Gesalibarko auzoko ur sulfurosoen eragin osasungarrien bila etortzen ziren bezero aristokratikoak ihes egin zuten, bainu etxea hutsik eta isiltasunean utziz.
Bainu etxearen erosketa Benito Menniren eskutik
Bainu etxearen jabe ziren Mendiatarrek, Cánovas del Castilloren hilketaren ondoren bainu etxeak jasandako beherapena aintzat hartuz, bere instalakuntza guztiak salgai jarri zituzten.
Azken urteetan, Benito Menni Espainia osoan ospitale psikiatrikoak zabalduz joan zen eta Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien Kongregazioa ere sortu zuen. Santa Agedako bainu etxea salgai zegoela jakin zuenean, Eskoriatzan bertan behera utzi behar izan zuen proiektua aurrera ateratzeko aukera ikusi zuen.
Honela, 1898ko martxoaren 1ean, Arrasateko notario zen Mario Aguinaga Baronaren aurrean, Santa Agedako bainu etxea osatzen zuten eraikuntza eta lur sail guztien salerosketa eskritura sinatu zen, alde batetik jabeak ziren Ramón, Sabina eta Carlos Mendia jaun andereak azaldu zirelarik, eta bestetik, Aita Benito Menni, San Juan de Dios Ordenaren eta Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien interesak ordezkatzen zituzten “El Iris” eta “La Rosa” elkarte anonimoen gerente gisa.
Instalakuntzak erosi ondoren, 1898ko apirilaren 1ean, Gotzain Erregularren Kongregazio Sakratuak erakunde sanitario berriaren fundazioari bere oniritzia eman zion. Bestalde, 1898ko apirilaren 20an Gipuzkoako Gobernadore Zibilak oinarri fundazionalak ontzat eman zituen, probintziako gaixo mentalen egonaldia baimenduz. Bien bitartean, bainu etxearen ekipamenduak bere erabilpen berrira egokitzeko behar izan ziren lan guztiak egin ziren, azkenean 1898ko ekainaren 1ean Santa Agedako Osasun Etxea inauguratu zen arte. Cánovas del Castilloren hilketaren ondoren hamar hilabete besterik ez ziren pasa oraindik eta bainu etxea ospitale psikiatriko bilakatua zen dagoeneko.