Aita Menni Ospitaleak, Zaporeak GKEarekin lankidetzan, otsailaren 10ean hasitako kanpainaren ondorioz, Turkiako eta Siriako lurrikarek kaltetutako milaka pertsonari premiazko laguntza bidaltzeko, 1.500 kilo elikagai bildu ditugu (lekaleak eta kontserbako arraina, arroza, pasta eta esnea), baita 2.000 euro ere.
Aita Menni Ospitaleko Elkartasun arduradun eta ekintza solidario horren koordinatzaileak, Egoitz Zabala, “eskerrak eman nahi dizkie, kanpainan lan egin dugun pertsona guztien izenean, beren ekarpenekin lagundu eta kolaboratu duten pertsona anonimoei zein erakundeei”.
“Zehazki, Bergarako San Martin Agirre Eskolari esker on berezia erakutsi nahi diogu. Ikastetxe horrek elikagai bidalketa handi bat helarazi digu, eta ikasleek eta haien familiek eta zentroko langileek parte hartu dute. Hain zuzen ere, kontatu digutenez, eskolan egungo errealitatea lantzen eta aztertzen ari ziren, eta Turkian eta Sirian zer gertatzen ari zen ikasten. Laguntzea erabaki zuten, eta haien erantzuna bikaina izan da”, azaldu du.
“Beste behin, Aita Menni eta Zaporeak berriro elkartu dira tragedia triste baten aurrean elkarrekin lankidetzan aritzeko, 2019an Lesboseko (Grezia) eremuetako errefuxiatuentzat egin genuen bezala”, gogorarazi du Elkartasuneko arduradunak. Orduko hartan 2.000 kilo janari bildu genuen, 3.000 euro Zaporeak GKEaren merchandising salmentetan, eta Benito Menni Fundazioak 7.000 euro eman zituen produktu galkorrak erosteko.